- Egilea: Jon Alonso Fourcade
- ISBN: 978-84-86766-87-0
- EAN: 9788486766870
- Argitaletxea: EUSKALGINTZA ELKARLANEAN FUND.
- Bilduma: SAIAKERA
- Hizkuntza: Euskara
STOCKEAN Artikulua stock-ean. Artikulu hau eskuragarri dago elkar.eus gunean. Stock-ean dauden artikuluak 48 orduko epea (lan egunetan) amaitu aurretik ateratzen dira biltegitik. Entrega-epea aldatu egingo da bidalketa moduaren eta eskaera herriaren arabera.
Camembert helburu, Jon Alonso: Nobelaz mozorrotu den saiakera bat duzu esku artean, irakurle, eta komeni zaizu hau jakitea irakurtzeari ekin baino lehen, espektatiba faltsuak saihestu ahal izateko, arreta zertan jarri behar duzun hasiera-hasieratik jakiteko, saiakeraren edukia biltzeko asmaturiko tramak engaina ez zaitzan.
Zergatik Lautrec? Arrazoi asko aipa nitzake, eta fundamentuzko bakar bat ere ez; hainbat eragilek izan du zerikusirik aukera, seguru asko, bitxi samar honetan; bi baizik ez aipatzeagatik, hurbiltasun geografikoa —izan ere, Euskal Herriko punturik urrunenetik Albira abiatzen denak sei orduko bidea baizik ez du—, eta, batez ere, Henri Toulouse-Lautrecen obraren erakustoki finko handienak, hau da, Albiko Museoak, nigan sortu zuen zirrara edo hunkipen, esan dezagun, estetikoa.
Esan dezagun, beraz, azalpen luze eta aspergarria egin behar ez izateko, kasualidadea, kasualidade hutsa izan dela ni margolari honetaz arduratzea. Zehatzago esanda, kasualidade hutsak eraman nau Albiko Museoan sentitu zirrara estetiko horri erantzuna —ezen ez azalpena— ematera. Horixe duzu liburu hau: Toulouse-Lautrecen arteak nigan eragindako emozioari emandako erantzuna.
Erantzun honen barruan gauza batzuk sartzen dira. Badago, esatera, Lautrec hil eta ia ehun urte geroago, bere gaurko izena errespetagarri bihurtzen eta finkatzen hasi zen kritikaren berrikusketa, eguneratzeko saio bat. Badago, horren ondorioz, artista eta bere obra jakin eta zehatzetik harantzago eginiko beste saio bat, orokorragoa, artea deitzen dugun horretaz arduratzen garenean benetan zertaz arduratzen garen atzemateko; beste hitzetan esanda, artea etxe handi bat da, eta gutxienekoa da, ia, bertan sartzeko erabiltzen duzun sarrera; izan daiteke Picasso deitzen den atea, izan liteke, pinturari baizik ez begiratzearren, artearen historia guztietan agertzen den izen ospetsu horietako edozein, izan daiteke, halaber, Toulouse-Lautrec izeneko leihoa, eta horixe da nik aukeratu dudana. Edozein kasutan, hau da, edozein sarrera aukeraturik ere, ondorioa beti berbera da, berbera behar du: zehatzetik orokorrera pasatzea, edota, gutxienez, orokor-asmo duten ondorioetara, ondorio batzuetara, iristea. Badago, azkenik, oinarri-oinarrizkoa izan gabe betierekoa eta erabatekoa den behar baten Hasieran esan bezala, horri guztiari nobela baten jantzia eman zaio, eta hortaz, fikzioak dituen ezaugarriak, ezaugarri guztiak aurkituko ditu irakurleak. Bereziki azpimarratu nahi nuke, puntu honetara iritsirik, errealitate hitz labainkorrarekin bataiatzen dugun horretan sartzen diren gertaerak, pertsonak eta liburuak behar bezain identifikaturik datozela, oharren bidez, eta, aldiz, fikzioari dagozkion pertsonaiak eta gertaerak guztiz asmatuak direla; guztiz gezurrezkoak, hori segurua da, baina guztiz sinesgarriak, ustez. Irakurle azkarrak jakingo du, noski, bata eta bestea bereizten.
Hemen argitaratutako irudi guztiek beren tokia dute liburuko pasarte jakin batean. Irudi bakoitzak goian du erreferentzia hori.